top of page

2021

Iparragirreren oroimenez

Iparragirre_Astigarrag
ERAGIYOK Abesbatza Astigarragan 1.jpg

Erribera kulturgunea (Astigarraga) - 2021/01/30, 19:00

​

Agur zaharra (S. Salaberri) //  Ave, Maria (J. Guridi) // Iru Errege (J. Guridi) // Goizeko izarra (J. J. Santesteban) // Saratarra (J. M. Glez. Bastida) // San Juan zortzikoa (E. Mocoroa) // Maite, eguzki eder (P. Sorozabal) // Euskalerria (P. Sorozabal) // Iparragirreren lau abesti (J. A. Santesteban): Kantari euskalduna - Nere maitiarentzat - Nere amak baleki - Adio Euskalerriari // Ara nun diran (J. M. Glez. Bastida) // Zugana, Manuela (T. Garbizu) // Nere maitiarentzat (J. J. Santesteban) // CHANTON PIPERRI: Escena e himno final (B. Zapirain) // Aurtxoa seaskan (G. Olaizola) // Gernikako arbola (E. Gorosarri)

​

Pianista: Ignacio Arakistain

Urtarrilaren 30ean Erribera kulturguneko kontzertuarekin eman zion hasiera urteari ERAGIYOKek. Lehenengoz aritu zen bakarka Astigarragako areto berrian, aurretik herriko beste taldeekin inaugurazio ekitaldian egon eta gero.

​

Emanaldia abendurako aurreikusita zegoen baina covid-19ak abesbatzei ezarritako mugek atzerapena ekarri zuen. Nolanahi ere, ez zen ohiko baldintzetan egin ahal izan, besteak beste, auditoriora bakarrik Astigarragako jendea bertaratu ahal izan baitzen herriarteko mugikortasuna mugatuta zegoelako sasoi hartan.

​

Kontzertuaren lehenengo zatian eliz-musika eta euskal folklorea tartekatu ziren, ordura arte Astigarragan eman gabeko kantuekin. Horien artean, Jesus Guridiren Iru Errege nabarmendu daiteke, musikari arabarrak ahots grabeen talderako moldatu zuena; Gabon kantaren eta eliz-musikaren izaera uztartzen duen pieza zoragarria.

​

Lehen zatia Pablo Sorozabalek abesbatzerako moldatutako bi obrekin amaitu zen, Maite, eguzki eder eta Euskalerria. Honela, jarraian etorriko zen Iparragirreri eskainitako zatiarekin lotura egiten zen, urretxuarrak bere kantuetan landutako bi gairi helduta: emakumeak eta Euskal Herria. 

​

Musikari eta kantariaren jaiotzaren 200. urteurrena ospatu zen 2020an, eta haren oroimenez bere bizitza eta kantuak gogoratu nahi izan zituen abesbatzak, hainbat musikarik egindako moldaketak erabiliz. Bigarren zati hau Iparragirreren lau abestirekin hasi zen, non kantariaren bizitzaren lau pasarte beste hainbeste bakarlariren ahotsean entzun ahal izan ziren, Ignacio Arakistainek jotako pianoaren laguntzarekin. Lau une horiei segida eman zioten azken hiru kantuek.

​

Kontzertuko programari amaiera emateko Chanton Piperri euskal operaren azken zatia entzun ahal izan zuen publikoak. Euskaldunon adiskidetzea aldarrikatzen duen eszena honetan Mikel Zapiainek (Chanton Piperri), Ramon Santxezek (Lazkano) eta Iñaki Callejak (Berastegui) bakarlari lanak hartu zituzten, azken ereserkiarekin amaiera emateko, Euskalerriko semeak gera.

​

Bisekoen txandara iritsita, Aurtxoa seaskan goxoak giroa lasaitzeko tarteko pasarte moduan balio izan zuen kontzertuak eskatzen zuen moduan amaiera emateko, Iparragirrek euskaldunoi utzi zigun zortziko moduko ereserkiarekin, Gernikako arbolarekin.

​

Iparragirreren lau abesti

Kantari urretxuarrak gorabeheraz betetako bizitza izan zuen, eta horixe taularatu zen bere ibilbidearen lau pasarte josten zituen moldaketan.

​

Lehenengo Karlistada eta gero bere burua galtzaile ikusi zuen Iparragirre Europan barrena bidaiatzera joan zen «gitarra zahartxo bat» beste ezer gutxi ez zuela. Gazte horren bizipenak Markel Azkuek abestu zituen. 

​

Jarraian, Iparragirre maitaberaren txanda etorri zen. Emakumeek leku handia dute bardoaren okerkietan, eta horietako bat Donostian ikusitako «ume eder bat» (Nere maitiarentzat), Ramon Santxezen ahotsean entzun zena. 

​

Euskal Herritik beste behin herbesteratu baino lehen kartzelan emandako egunetan idatzi zituen saminez betetako bertsoak; horiek grinez kantatu zituen Antonio Callejak Nere amak balekin. 

​

Azkenik, laster itzultzeko itxaropenez Euskal Herria utzi eta Ameriketara zihoan Iparragirreren agurra, Adio Euskalerriari, antzeztu zuen Mikel Zapiainek. 17 urte emango zituen herritik kanpo.

Bartzelonako FICCen irabazle!

FICC
ERAGIYOK ASOn 01.jpg

56.º Festival Internacional de Cant Coral de Barcelona

​

FCECek (Federació Catalana d’Entitats Corals) Festival de Cant Coraleko garaile izendatu zuen ERAGIYOK, ahots berdinen sailean. Hauxe abesbatzak lehen saria lortzen zuen bigarren aldia zen, Errenteriako Gabon Abestien Sariketa Probintziala 2018an irabazi eta gero. 

​

Covid-19ak kupidarik gabe astindu zituen gizartearen arlo guztiak, egunerokoan ondorio latzak izanda. Koruak ere horren lekuko izan ziren, bere jarduera mugatua eta debekatua ikusi baizuten.

​

Horrelako testuinguruan, jaialdiak, lehiaketak eta topaketak bertan behera geratu ziren edo bere formatua aldatu zuten 2020an eta 2021ean. Halaxe gertatu zen FICCen kasuan. FCEC urtez urte antolatzen duen hitzorduak formatu berezia iragarri zuen 2021rako eta zikloa bi modutan ospatu zuen: aurrez aurreko emanaldiak bertako abesbatzekin, eta nazioarteko izaera izan zuen bideoen lehiaketa telematikoa. 

​

Parte hartzaile bakoitzak aurreko bi urteetan emandako bi obra aukeratu eta aurkeztu behar zituen: eliz-musikako bat eta bere herrialdeko folkloreari zegokion beste bat. ERAGIYOKek ahots berdinen sailean izena eman zuen eta Donostiako Antxon Sierra Oroituz zikloan abestutako bi kantu hautatu zituen: Pascual Aldaveren Agur, Maria eta Jose Maria Gonzalez Bastidaren Ara nun diran

​

Talde guztien hartean hiru pasa ziren finalera sail honetan. Gauzak honela, emakumezkoen bi abesbatza izan zituen arerio ERAGIYOKek: Lituaniako Female Choir Lepos (Donatas Zakarasen O salutaris hostia eta Gedimino Kalinoren Bijunélis) eta Hungariako Béla Bartók Female Choir (Miklós Kocsár-en Salve, Regina eta Zoltan Kodály-ren Ének Szent István királyhoz).

​

Jaialdia uztailaren 5a eta 11ren artean egin zen, eta astean zehar Federazioaren Youtubeko atarian abesbatza guztien bideoak ikusgai egon ziren. Amaiera emateko, bost kidez osatutako epaimahaiak (Andrea Angelinini, Bernat Vivancos, Daniel Mestre, Maria Guinand y Montserrat Ríos) sail bakoitzeko irabazleak iragarri zituen Youtube bidez zuzenean  egindako emanaldian. 

​

Beste euskal talde batek, Ganbara Abesbatzak, finalerako sailkapena lortu zuen ahots nahasien sailean. Oñatiarrek musikari katalan batek idatzitako edo moldatutako obra baten interpretaziorik onenaren saria lortu zuten Josep Vila I Casanas-en Salve, Regina eliz-musikako piezarekin.

Musikaste 49

Musikaste
ERAGIYOK Musikaste 49.jpg

49. 'Musikaste' Euskal Musikaren Astea - Lekuona Fabrika (Errenteria) - 2021/10/22, 19:00

​

ERAGIYOK: Pequeña suite vasca (T. Aragüés Bayarte): Ene emaztea - Joan nintzen Ainoara // Oi lore maitea (T. Aragüés Bernad) // Alkar-izketan (L. Aramburu). Zuz.: Eneko Amundarain

​

DONOSTI ERESKI ABESBATZA: Bone Pastor (D. Azurza) // Nere herriko neskatza maite (J. Aizpuru) // Itsasoa gara (X. Sarasola) // Zure magalera (E. Ugalde). Zuz..: Jon Aizpuru, Jokin Otamendi

​

LANDARBARSO ABESBATZA: Mare nostrum (J. Elberdin) // Zoriontasun hitzak (L. Jekabsone) // Txoria Txori (M. Bautista). Zuz.: Iñaki Tolaretxipi

​

ANDRA MARI ABESBATZA: Orain berrogei urte (I. Casalí) // Adiyo probintziya (J. Elberdin) // Hiru euskal doinu (X. Sarasola). Zuz.: Andoni Sierra

 

GUZTIAK: Euskal musikaren gorespena (J. Uruñuela)

Urriaren 15a eta 23a artean bederatzi kontzertu izan zituen astean, goraino betetako Lekuona Fabrikak lehen aldiz hartu zuen Musikasteko 49. ekitaldiko koruen eguna.

​

Bazegoen ikusmina kantarien zein publikoaren artean Errenteriako areto berriaren ezaugarriak probatzeko. Irrika argi geratu zen kontzertuaren hasiera iritsi orduko, 150 kantarik eta 400 ikusle baino gehiagok ia-ia eserleku guztiak hartu baitzituzten. Kontzertu aurreko soinu-probak uxatu zituen kantarien zalantzak: agertoki exijentea izango zen dudarik gabe, halako espazio irekiak ez baitie elkar entzuteko batere erraztasunik ematen abeslariei.

​

Egokitutako ordenean, ERAGIYOK izan zen oholtza gainera igo zen lehenengo abesbatza, baita instrumentuen akonpainamendurik gabe taularatu zen talde bakarra ere. Lehenengo bi kantuak Aragüés aita-semeek moldatutako bi obra izan ziren: Pequeña suite vasca eta Oi lore maitea. Bi pieza hauek Astigarragan San Inazio eguneko kontzertuan abestu zituen lehen aldiz, eta ordutik Musikastera arte egindako lana nabaritu zen.

​

Bere azken obra Luis Arambururen Alkar-izketan izan zen, oso gutxitan ematen den lana eta ERAGIYOKen ahotsetan merezi zuen bertsioa izan zuena.

​

Ondoren, Donosti Ereskik bere 50. urteurrenean Musikasteren omenaldia jaso zuen. Benito Lertxundi eta Ken Zazpiren kantu ezagunen moldaketez gain, David Azurzaren Bone Pastor (Maria Martin soprano bakarlariarekin) eta Eva Ugalderen Zure magalera lanaren estreinaldia entzun genituen.

​

Landarbasok ikuskizun anitza erakutsi zuen bere zatian. Beraien ahotsekin batera biolinak, eskusoinuak eta Oinkari taldearen bi dantzarik lagundutako Zoriontasun hitzak izan zen beraien saioko piezarik txalotuena.

​

Oholtzara igotzen azkena Andra Mari Abesbatza izan zen. Bi bertso sorta zaharren moldaketarekin hasi ziren, bat Errenteriari (Orain berrogei urte) eta bestea Gipuzkoari eskainitakoak (Adiyo probintziya), Xabier Sarasolaren Hiru euskal doinurekin amaitzeko.

​

Koru bakoitzak bere atala abestu eta gero aretotik ateratzea iragarrita zegoen arren, neurri murriztatzaileen erlaxazioak baterako bukaera ematea ahalbidetu zuen. Andra Mari Abesbatza oholtza gainean eta beste abesbatzak eserlekutan egonda, guztiek Eresbilen ereserkia den Euskal musikaren gorespena abestu zuten, laurogeigarren hamarkadaren amaieratik egin ohi den moduan. Bukaera zirraragarria koruen festa handirako.

Salbatore Deuna Abesbatzak 100 urte

Salbatore_Deuna
ERAGIYOK Getarian 07.jpg

Musika Parrokian zikloa - Salbatore Deunaren eliza (Getaria) - 2021/11/27, 20:30

​

Xto zmolknul viezie glaz? (P. Tchaikovsky) // Maite-mina (J. M. Glez. Bastida) // Elurra (S. Jaroff) // Vechernij zvon (S. Jaroff) // Ey, ukhnem! (S. Jaroff) // Agur, Maria (P. Aldave) // Illunabarra (R. Sarriegi) // Zugana, Manuela (T. Garbizu) // Kitolis (L. Aramburu) // Maitasun atsekabea (J. Guridi) // Kanta berri (P. Sorozabal) // Aurtxoa seaskan (G. Olaizola) // Saratarra (J. M. Glez. Bastida) // Boga, boga (J. Guridi) // Gora Elkano! (G. Landazabal)

100 urte ez dira egunero betetzen eta Salbatore Deuna abesbatzak zorioneko urterrena abesbatza ziklo handi batekin ospatu zuen. ERAGIYOK bertan izan zen, eta elizan bildutako jendearen harrerak urteko kontzeturik hunkigarrienetako bat ekarri zuen. 

​

Ospakizunak 2021era arte atzeratu behar eta gero, hainbat ekintza abian jarri zituzten getariarrek: abesbatzaren historia biltzen zuen liburua idatzi zuten, disko bat argitaratu zuten eta azaroa eta abendua artean Musika Parrokian zikloa antolatu zuten. Azken honetarako, Euskal Herriko hainbat abesbatza gonbidatu zituzten eta sona handiko egitaraua osatu zuten.

​

Abesti errusiarrei eskainitako tartea 

Oraingoan berritasun nagusia kontzertuaren lehenengo zatian etorri zen. Jakina da Euskal Herrian kantu errusiarrek pizten duten ikusmina. Horietako batzuek euskarazko moldaketak izan dituzte eta oso ezagunak dira, hala nola Elurra edo Maite-mina, aurretik taldearen errepertorioan bazeudenak. 

​

Beste batzuk, ordea, jatorrizko bertsioan eta lehen aldiz eman zituzten. Horien artean egon ziren Vechernij zvon (Arratseko ezkilak), sorterritik joan den semearen kantu nostalgikoa, eta Ey, ukhnem! (Volgako batelariak), zirgarien lankantua gogoratzen duena. Azken honek abesbatzako bakarlari baten debuta ekarri zuen, Andoni Rodríguez baxuarena. 

​

Zirrara atzokoak eta gaurkoak gogoratuz

Bigarren zatia euskal musikaz osatu zen, eta bertan eman zen gaueko une berezienetako bat Kitolisekin. Oroitzapen berezia eta bikoitza izan zuen abesbatzak, kantuak erakusten dituen bizitzaren bi aldeen moduan. Batetik, Andoni Galagarraga lan-istripuan hildako herriko semea, eta bestetik Esperantza traineruak 2021ean izandako garaipen handiak oroitu zituzten.

​

Aurreikusitako kantuak abestu eta gero oroigarrien trukaketa iritsi zen. Salbatore Deuna Abesbatzak mendeurreneko liburua eta bordatutako txapela ederra oparitu zizkion ERAGIYOKi, eta ERAGIYOKek bere aldetik honela zioen egurrezko oroigarria eman zien getariarrei: «Zuen musika eta kantuak bidelagun izan ditzagun beste 100 urtez.»

​

Bisekoen txandan, berriz, herriko beste alaba kuttun bat gogora ekarri zuten, Pepita Embil. Hauxe Salbatore Deuna Abesbatzako kantaria izan zen gaztetan, eta ondoren bere ibilbidea Eresoinka abesbatzan jarraitu zuen, bakarlari moduan bide luzeari eta arrakastatsuari ekin baino lehen. Bera izan zen Aurtxoa seaskan Parisen estreinatu zuena, eta haren oroitzapenak eta sehaska kantaren goxotasunak entzuleak hunkitu zituen.

​

Gora Elkano!

Getarian egonda emanaldia ezin zen beste moduan bukatu, Landazabalek konposatutako Gora Elkanorekin baizik. Abesbatzak modu solemnean abestutako ereserkiak publikoa zutituarazi zuen kantuaren amaieran abesbatza txalo artean agurtzeko. Jasotako txaloak eta kontzertuan zehar eta ondoren entzuleek erakutsiko berotasuna ez ditugu berehala ahaztuko!

Kanboko otxoteen jaialdia

Ochote_Cambo
ERAGIYOK Kanbo 01.jpg

Otxoteen jaialdia - San Laurendi eliza (Kanbo) - 2021/10/15, 21:00

​

ENARA OTXOTEA: Euskal lurreko (G. Lerchundi) // Nere maite polita (Herrikoia) // Luna Tucumana (A. Yupanqui) // Izar ederrak (J. Elberdin) // Bring me little water, Silvy (H. W. Ledbetter) // Fandango - Arinarin (Herrikoia). Zuz.: Jordi Freixa

​

ERAGIYOK: Otche Nash (N. Kedrov) // Otoya (M. Moreno) // Kitolis (L. Aramburu) // Maitasun atsekabea (J. Guridi) // Saratarra (J. M. Glez. Bastida) // Kanta berri (P. Sorozabal). Zuz.: Eneko Amundarain

​

KARNABA OTXOTEA: Ay, nere kabiya! (P. Sorozabal) // Ezpondan (J. Elberdin) // Souliko (J. M. Glez. Bastida) // Ürzo luma (P. Sorozabal) // Oh, Pepita (A. Müller) // Axuri beltza (J. Busto). Zuz.: Sergio Zapirain

​

GUZTIAK: Agur, jaunak (Herrikoia)

Kanbon otxoteak ikusteko gogoa bazegoen! Bi urteko etenaldiaren ondoren, San Laurendi eliza goraino bete zen. 

​

Gaua hasteko, Jordi Freixak, Enara Otxotearen zuzendaria eta jaialdiaren aholkulari artistikoa denak, eskerrak eman izan zizkien bildutako taldeei jaialdiak izandako hutsunea amaitzeko egindako ahaleginagatik.

​

Bere hasiera mezuak egitarau anitza aurkeztu zuen Enara Otxoteari txanda eman zion. Beharbada gutxiago entzundako kantuak zirelako, oso ederrak izan ziren Atahualpa Yupanqui musikari argentinar handiaren Luna Tucumanaren moldaketa, eta baita Sylvie de Ledbetter-en Bring me little water kantu espirituala ere.

​

Jarraian, ERAGIYOKen aldia izan zen. Musukorik gabe aspaldiko partez, eta elizaren akustika baliatuta, maila altuko programa aurkeztu zuten. Harrera beroa izan zuen emanaldi osoak, baina bi une nabarmendu ziren. Kitolisen protagonistaren istorio tragikoa eta jaigiroan dagoen herriak abesten eta dantzatzen duen ezpatadantza uztartzen dira. Kantu honek publikoaren erantzun sutsua ekarri zuen; koru osoak, eta Markel Azkue eta Antonio Calleja bakarlariek bereziki, txalo-sorta handia jaso zuten. 

​

Puntu gorena Kanta berrirekin etorri zen. Umorezko kantu hau, Sorozabal maisuak definitu zuen moduan, kuttunenetakoa da ahots grabeen abesbatzen errepertorioaren barruan. ERAGIYOKek abesten zuen lehen aldi honetan arratseko txaloaldirik luzeena entzun zen. 

​

Karba izan zen parte hartu zuen azken taldea. Errenteriarrek Ezpondan edo Axuri beltza moduko lan garaikideak eta Oh, Pepita bezalako klasiko handiak tartekatu zituzten.

​

Otxoteek eta bertaratutako guztiek batera aho batez Agur, jaunak abestuz amaitu zuten. Urrezko itxiera otxoteak Kanbora itzuli ziren gaurako.

Eragiyok en Teatro Victoria Eugenia

Egin zaitez ERAGIYOKen lagun!

Zure laguntzari esker gure musika eta kultura sustatzen eta zabaltzen jarraituko dugu, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, gure aurrekoek utzitako altxor hori mantentzeko.

 

Gozatu gurekin musikaz!

bottom of page