top of page

2022

La maledizione

Rigoletto_Irun
Rigoletto ERAGIYOK 04.jpg

Luis Mariano Lirika Elkartearen 2022ko denboraldia - Amaia K. Z. (Irun) - 2022/03/26-27, 19:00

RIGOLETTO (melodrame en trois actes) - Musika: Giuseppe Verdi - Libretoa: Francesco Maria Piave

Rigoletto: MARZIO GIOSSI // Duca di Mantova: JOSÉ LUIS SOLA // Gilda: SCILLA CRISTIANO // Maddalena: VALERIA GRUPPI // Sparafucile: MASSIMILIANO CATELLANI // Giovanna: LUCÍA GÓMEZ // Monterone: MIKEL ZABALA // Marullo: JUAN LABORERÍA // Borsa: IKER CASARES // Ceprano: DARÍO MAYA // Contessa di Ceprano: MARÍA MARTÍN // Borsa: IKER CASARES // ERAGIYOK Abesbatza // Luis Mariano Orkestra // Eszena zuzendaria: Ana Tebar // Musika-zuzendaria: Aldo Salvagno

Pandemiarengatik bi urteko gorabeherak izan eta gero, non bertan behera geratutako emanaldiak eta unez uneko mugei egokitutako antzezpenak tartekatu behar izan ziren, opera Irunera itzuli zen «ohiko baldintzetan». Errepertorioan enblematikoa den lan batekin izan zen, Giusppe Verdiren «hiruko herrikoia»ren parte den Rigoletto.

Maila handiko hiru protagonista

Ia bakarra zen agertokia, aldiberean hainbaten lana egin zuena: Dukearen jauregia, Rigolettoren etxeko kanpoaldea eta barnealdea, eta Sparafucileren ostatua.

Marzio Giossik (Rigoletto) bere pertsonaiaren alde anitzak erakutsi zituen: ironikoa eta adar-jotzailea Dukearen gonbidatuekin; beldurtia, alaba bat duela jakin ez dezaten etxean izkutatzen duenean; mendeku-gose eta atsekabetua bere alabaren sakrifizioaz jabetzen denean.

Bere aldetik, Scila Cristiano sopranoak Gilda dotorea egin zuen bere pasarte guztietan, tarterik zailenak ederki abestuz eta bere pertsonaiaren aldaera guztiak erakusten saiatuz.

José Luis Solak Dukearen izaera harroa erakutsi zuen hasieran, gorteatzeko garaian abila eta liluratzailea; aldiz, beldurtia eta etsita Gilda galduko duela uste duenean. Musika arloan, bere ahotsaren kalitatea agerian utzi zuen, eta Espainiako agertoki garrantzitsu askotik zergatik pasa den demostratu zuen. Questa o quella eta La donna è mobile pasarteetan, entzuleek ikusminez itxaroten dituztenak beti, ez zuen hutsik egin.

 

Koruaren luzimendurako uneak

Rigolettok baditu gutxienez jendearentzat aski ezagunak diren dozena erdi pasarte. Era berean, oso ondo tratatzen du korua. Paper garrantzitsua du opera hasieratik eta laguntzaile edo apaingarri hutsa baino gehiago da: akzioan bete-betean sartuta dago. Abesteaz gain, obra guztian zehar pertsonaia nagusiekin elkarrekintzak ditu, eta horrela egin zuen oraindik derrigorra zen musukoa jantzi behar izan arren. 

Gauzak honela, lehenengo ekitaldian Dukearen festan duen partehartzea ikusi eta entzun zen. Arretarik handienetakoa merezi duen pasartea Gildaren bahiketarena da, zeinean korua ezkutuan Zitti, zitti xuxurlatuz sartzen den. Hirugarren ekitaldirako gordetzen da beste une handietako bat, Duca Duca eszena, Rigolettoren ustezko maitalea bahitu dutela iragartzen dutenean. 

Azkenik, zoritxarreko amaieraren aurretik dagoen ekaitzaren eszenan Verdik korua tartean sartzen du, ikusleen bistatik at bada ere. Aho itxian egiten den saioan, pentagraman gorako eta beherako joan-etorriek haizea simulatzen dute, orkestraren trilloek lagunduta. 

Abesbatzak maila altua erakutsi zuen bere pasarte horietan guztietan, Salvagno maisuaren gidaritza adeitsuaren eskutik.

Kritika eta publiko arrakasta

Amaia kultur zentroko eserlekuen bi heren hartu zituen oraindik estalpeko emankizunetara itzultzeko iheskor zebilen jendea. Saioaren amaieran artistak txalotu eta aupatu zituen: oroimenerako Rigoletto, Marzio Giossi, utzi zuen, eta ERAGIYOKek ere arrakasta izan zuen jendearen harreraren eta jasotako komentarioen arabera.

Chantons, mes chers amis !

Sorozabal_Victoria_Eugenia
Sorozabal 1.jpeg

Pablo Sorozabali omenaldia bere jaiotzaren 125. urteurrenean - Victoria Eugenia Antzokia (Donostia) - 2022/06/24, 19:30

DONOSTIAKO UDALAREN TXISTULARI TALDEA: Hirugarren kalez kale (P. Sorozabal) // Dos danzas vascas (P. Sorozabal) // Batelarien zortzikoa (P. Sorozabal) || ERAGIYOK eta TXISTULARIAK: Bigarren kalez kale (P. Sorozabal) // Chantons, mes chers amis ! (P. Sorozabal): I. Begi urdin; II. Ürzo luma; III. Kanta berri //Euskalerria (P. Sorozabal) || MENDI ABESBATZA eta TXISTULARIAK: Neskatxena (P. Sorozabal): I. Neskatxena; IV. Txiki txikitik // Baserritarra (P. Sorozabal) // Bentara noa (P. Sorozabal) // Maite (P. Sorozabal) || BI ABESBATZAK ETA TXISTULARIAK: Gabiltzan kalez kale (P. Sorozabal) // Donostia (P. Sorozabal) // Gernika (P. Sorozabal) || BISEKOA: DON MANOLITO - Ensalada Madrileña (P. Sorozabal)

ZUZENDARIAK: Eneko Amundarain (ERAGIYOK) // Ion Irazoki (Mendi Abesbatza) // Fausti Aranzabal (Kresala Dantza Taldea) // Jose Ignazio Ansorena (Donostiako Udalaren Txistulari Taldea)

Pablo Sorozabalen jaiotzaren 125. urteurrena ospatu zen 2022an eta ERAGIYOKek bere programazioaren ardatz nagusietako bat bihurtu zuen efemeridea, ekainaren 24ko Victoria Eugeniako kontzertuan puntu gorenera iritsi arte.

Sorozabalek harreman estua izan zuen abesbatzekin eta bere garaiko korurik onenentzat lanak egin zituen: Donostiako Orfeoia, Maitea Abesbatza, Easo Abesbatza… Horretaz gain, txistua eta abesbatzak uztartuz ordura arte ezezaguna zen musika-forma berri baten asmatzailea izan zen.

Donostia Musikak antolatutako zikloaren hirugarren egunean bere ekoizpenaren atal horri heldu zitzaion eta ERAGIYOKen txanda iritsi zen. Donostiako Udalaren Txistulari Taldearekin eta Doneztebeko Mendi Abesbatzarekin batera lau zatitan banatutako programa eskaini zuten, Kresala Dantza Taldearen koreografiekin lagunduta.

Hainbat pasarte nabarmendu ziren txistulariak bakarka eta Mendi Abesbatzarekin aritu zirenean. Ederrak benetan Batelarien zortzikoa, Kresala dantza taldearen parte hartzearekin, edota Mendi Abesbatzak Neskatxena suitetik aukeratutako bi pasarteak. Agerian geratu zen Sorozabal herri-doinuetara gerturatzeko izan zuen abilezia aparta.

ERAGIYOKen txanda Bigarren kalez kalerekin hasi zen. Maisuak berak Los Bocheros-entzat moldatu zuen, soinuaren laguntzaz abesteko. Jose Ignazio Ansorenak txistu taldearentzat egindako egokitzapenaz baliatuta egin zuten oraingoan. Honen ondoren etorriko ziren Chantons, mes chers amis! suitearen hiru atalak. Sorozabalek obra konposatu zuenean idatzi zuen moduan, suite honetan ahots grabeen abesbatzak bere dohain bikain guztiak erakutsi behar ditu. Euskal Herria irudikatzen duen izen bereko kantata ederrarekin borobildu zuen bere zatia.

Amaiera zirraragarria

Azkenik, talde guztiak batera aritzeko aukera izan zuten eta oholtza gainean ehun lagun inguru elkartu ziren abesbatzetako kide, txistulari eta dantzarien artean. Gabiltzan kalez kale eta Donostia alaiek bere euskal lanen ikur den Gernikari bidea eman zioten. Emozioz eta solemnitatez betetako interpretazioa izan zen, Sorozabalen musikak eta Nemesio Etxanizen letrak uztartuta ikusleei oilo-ipurdia jartzeko modukoa.

Erregistroa aldatuta, eta aldiberean oso gustokoak izan diren beste doinu mota batzuk entzun ahal izateko, bisekoaren txandan Don Manolito sainetetik ateratako Ensalada madrileñarekin osatu zen programa, arratsalde zoragarri bat amaitzeko.

Sorozabalek merezi zuen!

Festival Cant'A Choeur

Cant_A_Choer
Arthous 01.jpg

16e Festival Cant'A Choeur - Cathédrale Notre-Dame (Akitze, Frantzia) - 2022/07/08, 20:30

Otche nash (N. Kedrov) // Otoya (M. Moreno) // Agur, Maria (P. Aldave) // Zatoz, Jaungoiko (S. Salaberri) // Ave, Maria (J. Guridi) // Kitolis (L. Aramburu) // Ama (Aita Donostia) // Nere maitiarentzat (J. J. Santesteban) // Maitasun atsekabea (J. Guridi) // Saratarra (J. M. Glez. Bastida) // Euskalerria (P. Sorozabal) Maite, eguzki eder (P. Sorozabal) Maitia, nun zira? (J. Uruñuela) // Aurtxoa seaskan (G. Olaizola) // Agur, jaunak (J. Olaizola)

16e Festival Cant'A Choeur - Abbaye d'Arthous (Hastinga, Frantzia) - 2022/07/09, 20:30

Agur, Maria (P. Aldave) // Kitolis (L. Aramburu) // Maitasun atsekabea (J. Guridi) // Nere maitiarentzat (J. J. Santesteban) // Aurtxoa seaskan (G. Olaizola) // Bozkhe velykyi, yedynyi (M. Lysenko) // Se canti (Okzitaniako kantu herrikoia)

Cant’A Choeur jaialdia 1989an sortu zen. Pandemiarengatik urtebeteko etenaldiaren ondoren, 2022an 16. ekitaldia ospatu zen uztailaren 2tik 9ra arte. ERAGIYOKekin batera Segoviako (Espainia) Tutto Voce ahots grabeen abesbatza, Bourg d’Oisans-eko (Frantzia) Polyfemma ahots zurien abesbatza, Saint André de Seignanx-eko (Frantzia) Choeur & Co ahots nahasien abesbatza eta Lous Gaouyous ahots grabeen abesbatza aritu ziren.

Eliz-musika eta euskal musika Akizen

Landetako hiriburuko katedralean eman zuen jaialdiko bere lehenengo kontzertua ERAGIYOKek. Akizeko diozesiaren eskaerak jarraituta, lehenengo zatia eliz-musikarekin osatu zen. Bigarren zatian nabaritu zen jendearen artean giroa poliki-poliki goraka zihoala. Euskal eremutik kanpo egon arren, Iparraldeko abesbatzen bitartez batez ere euskal errepertorioa oso hedatuta dago bertan, eta asko dira jatorriz euskaldunak izan eta Landetan bizi direnak.

Bisekoetara iritsita, lehenengo kantu gehigarriak, Maitia, nun zira?, Pablo Benaventeren debuta ekarri zuen bakarlari lanetan. Hurrengoak, Aurtxoa seaskanek, entzuleen malkoak aterarazi zituen bakarlariaren interpretazio goxoarekin. Amaiera ia guztientzako ezaguna zen Agur, jaunak solemnearekin iritsi zen, eta bildutako ikusleen txalo-zaparrada amaigabeari bidea eman zion.

Talde guztiak batera Arthousen

Hurrengo egunean, Arthouseko abade-etxearen patioak hartu zituen jaialdiko parte hartzaile guztiak 500 lagun bildu zituen itxiera-kontzertu handian. Abesbatza bakoitzak bere errepertorioaren lagin bat erakutsi zuen. Guztien artean Polyfemma-ren nazioarteko kantuak eta Tutto Voceren boleroak eta tangoak nabarmendu ziren, guztiak ere entzuleen arreta jaso zutenak.

ERAGIYOKen txanda iritsi zenean, dagoeneko aurreko eguneko kontzertuan izandako arrakasta iritsia zen entzule askoren belarrietara, eta bazegoen ikusmina taldea ikusteko.

Entzulegoak berehala ase zuen bere gogoa, eta kantuz kantu bere onarpena txaloen eta algara-oihuen bitartez saritu zuen, nabarmen ozenago Kitolis, Nere maitiarentzat eta Aurtxoa seaskan entzun eta gero, aurreko eguneko arrakasta errepikatuz.

Elkartasuna eta adiskidetasuna 

Kontzertuak amaiera zirraragarria izan zuen koru guztiek batera Mykola Lysenkoren Bozhe velykyi, yedynyi abestu zutenean, XIX. mendearen amaieran sortutako eta urteko lehen hiletan munduan zehar zabaldutako Ukrainaren aldeko otoitza, herrialdearen inbasioa zela eta. Horrekin batera, eta jaialdi honetan ohikoa den moduan, Se canti, adiskidetasunari deitzen dion Okzitaniako kantu herrikoiarekin iritsi zen jaialdia bere bukaerara, adiskidantzazko nortasuna modu ezin hobean adierazten duen kantua: «Se canti, you que canti, canti pas per you, canti per l’amigue qui es auprès de you» (Abesten badut, ez dut niretzat abesten, urrun dagoen lagunarentzat baizik).

Asteburu ederrari emateko era polita, ezagututako lagunak etorkizunean berriro ere ikusteko itxaropenez.

Rencontres Internationales de Voix d'Hommes

Rencotres_Intenationales
ERAGIYOK Rencontres 02.jpg

5es Rencontres Internationales de Voix d’Hommes - Théâtre de Châtel-Guyon (Châtel-Guyon, Frantzia) - 2022/10/07, 20:30

Agur zaharra (S. Salaberri) // Ave, Maria (J. Guridi) // Ama (Aita Donostia) // Kanta berri (P. Sorozabal) // Euskalerria (P. Sorozabal) // Maite, eguzki eder (P. Sorozabal) // DIE ZAUBERFLÖTE: O Isis und Osiris (W. A. Mozart) // I PURITANI: Quando la tromba squilla (V. Bellini) // RIGOLETTO: Zitti, zitti, moviamo a vendetta (G. Verdi) // FAUST: Choeur des soldats (C. Gounod) // Nere maitiarentzat (J. J. Santesteban) // Aurtxoa seaskan (G. Olaizola) // CHANTON PIPERRI: Euskalerriko semiak gera (B. Zapirain)

5es Rencontres Internationales de Voix d’Hommes - Théâtre de Châtel-Guyon (Châtel-Guyon, Frantzia) - 2022/10/08, 17:00

Otche nash (N. Kedrov) // Elurra (S. Jaroff) // Vechernij zvon (S. Jaroff) // Ey, ukhnem! (S. Jaroff) // Agur, Maria (S. Salaberri) // Kitolis (L. Aramburu) // Boga, boga (J. Guridi) // Maitasun atsekabea (J. Guridi) // Illunabarra (R. Sarriegi) // Ator, mutil (J. Guridi)

Abesbatzak erabateko arrakasta lortu zuen, eta utzitako arrastoa gogoangarria izan zen kontuan izanda publikoak izandako erantzuna bi kontzertuetan, eta baita horiek amaitu eta gero jasotako zorion-mezuak ere.

Urrian ERAGIYOKen urteko nazioarteko bigarren hitzordua iritsi zen, Rencontres Internationales de Voix d’Hommes izandako parte hartzearekin. ERAGIYOKentzat jaialdiaren bosgarren ekitaldiak gogoko osagai guztiak biltzen zituen aldez aurretik: atzerrira joatea, antzoki ederrean aritzea, King’s Singers ospetsuekin kartelean parez pare agertzea...

Gainera programa-zati berri baten estreinaldia prestatua zuen. Euskal musikak leku nabarmena izango zuen arren, antolatzaileek hala eskatuta bi egitarau desberdin prestatu behar izan zituzten, eta musika estilo desberdinak uztartu: euskal musika, nazioarteko musika eta errepertorio lirikoa.

Azken zati honetan iritsiko ziren nobedadeak, ordura arte errepertorioan ez zeuden operako lau pasarte gehitu baitzizkioten ohiko kantu-sortari.

Hasiera-kontzertuaren protagonista

Jaialdia Voix Dômes antolatzaileek eta ERAGIYOKek emandako kontzertu handiarekin hasi zen. Etxeko abesbatzak errepertorio anitza aukeratu zuen bere emanaldirako, Bizeten Carmen operaren Air du toréadorekin hasita, eta hainbat kantu ezagun txertatuz (Leonard Cohenen Hallelujah edo Simon and Garfunkelen The sound of silenceren moldaketak, esaterako).

Amaitzeko, nahasketa bitxia egin zuten, Händelen Mesiaseko Hallelujah eta When the Saints go marching in beltz espirituala uztartzen zituen doinuarekin. Herrikideen aurrean abestuta, arrakasta segurua zen eta oraindik biseko kantu baterako aukera izan zuten, May we never have to say goodbye ezaguna.

 

ERAGIYOK aritu zen ondoren. Emanaldi osoan zehar bertaratutakoek abesbatzaren lana ondo baloratu zuten, eta Sorozabalen piezekin eta opera-pasarteekin giroa berotzen joan zen. Kantuz kantu abesbatzaren eta Miren Gabirondo pianistaren lana goraipatua izan zen amaierako Choeur des soldatsekin antzokia ia lehertu arte. Gaueko puntu gorena, ordea, programa ofiziala amaitu ostean iritsi zen. Abesbatzak biseko bi kantu eman zituen, hain zen handia publikoaren gogoa eta txalo zaparrada. Bis bakoitzak gero eta harrera beroagoa izan zuen, eta azkenik hirugarren kantu gehigarria eskaini behar izan zuen, Chanton Piperri operaren Euskalerriko zirraragarria, zeinaren ondoren jendeak zutik eta txaloka agurtu zuen abesbatza.

Bezperako ikusminaren berrespena

Bigarren egunean ikusmina handia zen koruak lehenengo gauean erakutsitako mailaren ondorioz. A capella emandako saioan, abesbatzaren hainbat pieza enblematiko protagonista izan ziren, hala nola Elurra, Kitolis edota Illunabarra. Azken kantua baino lehen, aurkezle lanak egiten zituen ERAGIYOKeko kideak entzuleei bere harreragatik eskerrak eman eta gero, azken kantua izango zen Ator, mutilen esanahia eta taldearentzat zuen berezitasuna azaldu zuen. Antzokia isiltasunean murgilduta, Gabon-kantaren magiak bere efektua sortu zuen.

Entzuleek kantu gehiago eskatu zituzten arren, agenda arazoak tarteko, Choeur de Candyk hartu zuen txanda. Suitzarrek gai unibertsalez mintzatzen zen bere eskualdearen musikaren lagina erakutsi zuten eta emanaldi atsegina eskaini zuten.

Sentimenerako oparia

Ondo egindako lanaren sentipenarekin, opari txikia etorri zen, King’s Singers-en emanaldia entzuteko aukera. Mundu mailako ospea duen taldeak bere ahots bereizgarriekin eta kantakeraren prezisioarekin liluratu gintuen. Ahaztu ezineko gaua.

Ustekabeko azken parte hartzea 

Iragarrita ez zegoen arren, ERAGIYOKek beste behin aritzeko aukera izan zuen. Etxeko abesbatzak mesede eskatu eta antzokiaren palkotik Choeur des soldatsen interpretazioan lagundu zuen jaialdiaren azken egunean. Ez hori bakarrik, bi abesbatzek batera pieza hori berriro eman behar izan zuten bisekoen txandan. Honek amaiera paregabea eman zion nazioarteko topaketa honi, non entzuleek ERAGIYOKen musikaltasuna, bere ahotsen kalitatea eta ikusleak emozionatzeko gaitasuna nabarmendu zuten.

C'est elle, notre fille !

Fille_regimet
La fille du régiment - ERAGIYOK 16.jpg

Luis Mariano Lirika Elkartearen 2022ko denboraldia - Amaia K. Z. (Irun) - 2022/11/12, 19:00

LA FILLE DU RÉGIMENT (opéra comique en deux actes) - Musika: Giuseppe Verdi - Libretoa: Saint-Georges & Bayard

Marie: PAULA SÁNCHEZ-VALVERDE // Tonio: HARUO KAWAKAMI // Sulpice: PABLO LÓPEZ // Marquesa: MAELA VERGNES // Hortensius: GORKA ROBLES // Caporal: DARÍO MAYA // ERAGIYOK Abesbatza // Coro y Orquesta Luis Mariano // Eszena-zuzendaria: François Iturbide // Musika-zuzendaria: Aldo Salvagno

La fille du régimenten antzezpen dibertigarriarekin amaitu zen Luis Mariano Lirika Elkartearen 19. denboraldia. ERAGIYOKen lana erregimentuarenak egiten nabarmendu zen.

Emanaldia, Aldabeko guduaren bosgarren mendeurreneko ospakizunen barruan zegeona, Irungo San Martzial egun batean kokatu zen. Agertoki gaienan agerian izan ziren hiriaren berezko elementuak, hala nola Gazteluzaharreko gazteluaren  kopia, markesaren etxearen lanak egiten. Edonola ere, operaren izaera errespetatu zuen egokitzapen txikiak izan ziren, eta horiekin publikoaren erabateko konplizitatea lortu zen. 

Musikaltasuna eta komikotasuna neurri berdinean uztartuta

Opera komikoen kasuan, ezaugarri honek balizko gabezi artistikoak estaltzeko arriskua dago, baina oraingoan ez zen horrelakorik gertatu, inondik ere ez. Partaide guztiek maila altua erakutsi zuten.

Bigarren mailako pertsonaiekin hasita, Gorka Robles puntu komikoa zehatza jarri zion bere Hortensiusi. Maela Vergnes, luxuzko Gazteluzaharreko markesa izan zen, eta ikusleek berarekin gozatu zuten. Pablo López Sulpice sarjentoa izan zen, eta Marieren «ustezko aita»ren moduan sinesgarria izan zen. 

Rol nagusietara pasata, Haruo Kawakamik Tonioren paparari aurre egin behar zion, eta horrekin batera 9 do jotzen diren aria ezagunari. Hainbestetan eman eta eskatu den pasartea izanik, abesten duen orok saiheztezineko konparaketak jasaten ditu eta, kasu honetan, Kawakamik nahikotasunez bete zuen bere lana. Hain ezaguna izan gabe, are zailagoa da Pour me rapprocher de Marie, non tenorrak ondo zaindutako fraseaketa erakutsi behar duen. Agian hauxe izan zen gaueko bere unerik onena. 

Gaueko arrakastik handiena Paula Sanchez-Valverderen eskutik iritsi zen. Soprano nafarra lehen aldiz jarri zen Marieren azalean, konplexua eta neketsua den papera, ia uneoro eszenan ageri baita. Bere ahotsak eta aktuazioak entzuleak bereganatu zituen, eta bere kantu-kideekin eta koruarekin sinbiosi ezin hobe lortu zituen. 

Goi mailako erregimentua

La fille du régimenten korua, oraingoan gendarme jantziekin, protagonista da. Idatzitako musikaren bitartez, Donizettik hainbat gogo-aldartetik pasarazten ditu: batetik, kementsu izaera militarreko aktuazioarekin Dès que l’appel sonne-n; bestetik, amorru bizian markesak Marie eramango duela jakiten duenean; tartean, Tonio maitalearen sentimentuak gaitzesten Marie ezkontzeko mandatu egitera datorrenean; eta azkenik, zorion betean «alaba» Marierekin berriro elkartzen direnean eta protagonista gazteen ezkontza iragartzen denean.

Musika atalean, abesbatzak bakarka aritu behar zuen bi uneetan, Dès que l’appel sonne martxa eta Rataplan ezaguna, distiraz antzeztu eta kantatu zituen, eta entzuleek txaloka hartu zituzten. Bildutako jendeak ERAGIYOKen bi aldeak estimatu zituen: musikala eta antzezlea. Aldi berean, Marierekin (coupletei emandako erantzuna, Chacun le sait, chacun le dit) eta Toniorekin (Ah, mes amis !) batera izan zituen pasarteak, gaueko une nabarmenak izan ziren.

Amaiera arrakastatsua

Azken eszenak, non herria (Luis Mariano koruak antzeztuta), erregimentua eta protagonista nagusiak biltzen diren eta festa ospatzen duten -San Martzial eguna kasu honetan- bukaera paregabea eman zion arratsari. Amaia goraino bete zuen publikoak txalo-zaparrada handiarekin agurtu zituen kantari eta musikariak, oso emanaldi ona ikusi izanaren sentipenarekin.

Eragiyok en Teatro Victoria Eugenia

Egin zaitez ERAGIYOKen lagun!

Zure laguntzari esker gure musika eta kultura sustatzen eta zabaltzen jarraituko dugu, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, gure aurrekoek utzitako altxor hori mantentzeko.

 

Gozatu gurekin musikaz!

bottom of page