IV. AHOBER (2026)
ERAGIYOKek AHOBER ahots berdinen abesbatza zikloa antolatzen du Astigarragan.
Kontzertuak
ERAGIYOKek AHOBER ahots berdinen abesbatza zikloa antolatzen du Astigarragan 2023tik.
Laugarren ekitaldia hiru kontzertuz osatuta egongo da:
• Uztailak 4: Vocalia Taldea – Erribera kulturgunea.
• Urriak 24: B-Tenors (Valladolid) eta ERAGIYOK – Erribera kulturgunea.
• Abenduak 19: ERAGIYOK – Erribera kulturgunea.
Ziklo honekin ERAGIYOKek Astigarragako, inguruko herrietako eta Gipuzkoako kultura eskaintza handitzea bilatzen du, gutxiago landutako esparru batean, ahots berdinen taldeena. Horrekin, ahots berdinen errepertorioa eta lantzeko eta zabaltzeko egindako lanari jarraipena ematen dio. Izan ere, bere ibilbidean zehar ahots berdinetarako egindako ehun obra desberdin baino gehiago abestu ditu, euskal egileenak izanik horietako laurogei.
Zikloak ikuspegi hori handitzea ahalbidetuko du, ahots zurietarako eta ahots grabeetarako idatzitako Euskal Herriko eta nazioarteko egileen obren bitartez, urtez urte ospatzen den hitzorduan.


Basilio Astulez Duque
Kantu koraleko irakaslea da Leioako Udal kontserbatorioan, eta bertako zenbait abesbatzen sortzailea: 2001ean Leioa Kantika Korala haur abesbatza, 2005ean La Kantoria nesken abesbatza gaztea, eta 2007an San Juan Abesbatza mistoa. Koru eskola gazte honek 7 eta 25 urte bitarteko 150 abeslaritik gora biltzen ditu, eta sari ugari jaso izan ditu Espainia eta Europako lehiaketetan. 2000. urtean Vocalia Taldea izeneko emakumeen ganbera-abesbatza sortu zuen.
Talde horien buruan 10 disko grabatu ditu, bai eta nazioarteko zenbait bira egin ere Europa eta Amerikan barrena, zeinetan lehen mailako bakarlari, orkestra, zuzendari eta abesbatzekin lankidetzan aritu izan den.
2008an zuzendari onenaren sari berezia irabazi zuen Goriziako (Italia) 47. C. A. Seguizzi Nazioarteko Lehiaketan, Leioa Kantika Koralaren buruan egindako lanagatik. 2009an ere zuzendari onenaren sari berezia jaso zuen Tourseko (Frantzia) 38. Florilège Vocal lehiaketan, Vocalia Taldearen zuzendaritzagatik.
Gaur egun koru-zuzendaritzako irakasle lanetan dihardu hezkuntza-entitate, unibertsitate eta zenbait abesbatza-federazioentzako. Sarritan deitzen dute Europan, Amerikan eta Asiako lehiaketetan epaimahai aritzeko, bai eta ikastaro eta mintegiak emateko ere. 2018tik aurrera, gainera, koru-zuzendaritzako irakaslea da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian.
VOCALIA TALDEA
2000. urtean sortu zen Vocalia Taldea, egungo zuzendari Basilio Astulezen ekimenez. Taldearen asmoa da ahots-talde egonkor bat izatea, ohiko programazioetan nekez entzun daitekeen errepertorio bati ekin diezaiokeena, musikaren eta ahotsen aldetik exijentzia-maila handikoa delako. Gaur egun, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa eta Errioxako bataz besteko 40 abeslarik osatzen dute Vocalia Taldea. Programazio ausartak eta eszenaratze zainduak bitarte, taldea erreferente bihurtu da egungo musika koralaren munduan.
Vocalia Taldeak emakumezkoen korurako errepertorio zabala lantzen du, Euskal Herrikoa zein nazioartekoa, garai klasikoetatik hasi eta musika garaikideraino. Izan ere, XX. eta XXI. mendeetako errepertorioen ikerlan sakona egiten dihardu. Horrez gain, abangoardiako konpositoreekin elkarlanean arituz, taldearen errepertorioa aberasteaz gain, emakumezkoen abesbatzentzako musika berriaren sorkuntza ere sustatzen du.
Vocalia Taldeak lau disko grabatu ditu, Neskatxena, María Mater, Haizeak Dakar eta, 2023an,Guri, Vocalia Taldearentzat berariaz sortutako euskal konpositoreen lanak biltzen dituena.
Abesbatzaren sorreratik, Vocalia Taldeak gonbidapen aunitz jaso izan ditu Espainiako eta Europako (Italia, Frantzia, Irlanda, Belgika...) abesbatza jaialdi ugaritan parte hartzeko. Kritikak txalotu egin du ibilbidean ezaugarri nagusia kalitatea, originaltasuna eta berrikuntza dituen taldearen jarduna. Taldea zenbait orkestra, bakarlari eta kultur erakundeekin batera aritu izan da sarritan, eta hogei saritik gora jaso izan ditu nazioarteko lehiaketetan (Tours, Arezzo, Tolosa, Maasmechelen edo Cork).

B-TENORS (Valladolid)
B-Tenors gizonezkoen ahots taldea da, 2014an Valladoliden jaioa. Bere hiriko hainbat korutako abeslariek osatzen dute. Ganbera-kantu koralaren arloan sakontzeko bat egin zuten, eta interpretazioen kalitatea eta zorroztasuna bilatzen dute. Bere errepertorioa pieza garaikideetatik klasikoenetara doa, bere katalogoan beti leku nabarmena duten konpositore espainiarren musikaren aldeko apustua eginez bereziki.
2015ean aurkeztu zuten lehen proiektu eszeniko musikala (“Tenebrae”), Espainiako hainbat herritatik egindako biran; ordutik, proiektu ugari estreinatu dituzte. Horien artean, Perura eraman zituen pop musikako kontzertu bat eta Parisen aurkeztu zuten “Stabat Mater”. Frantziako hiriburuan aritzeko gonbidatu zituzten berriz ere “Boreal Sounds” B-Tenors Mixed talde gisa estreinatzeko.
Azken urteetan, ahots grabeentzako eliz-musikarekiko grina garatzen jarraitu dute “InAeternum” eta “Mariam” bezalako proiektuekin, eta musika profanoan murgildu dira 2023an estreinatu zuten programa batekin. Urte horretan, Villa de Avilés Abesbatza Lehiaketa Nazionalaren 2. saria jaso zuten, eta epaimahaiak haien sentsibilitatea, xehetasunekiko interesa eta zorroztasun teknikoa nabarmendu zituen.
10. urteurrena ospatu ondoren, Berlingo Walking in Beauty Jaialdian parte hartzeko aukeratu zituzten. Ola Gjeiloren zuzendaritzapean aritu ziren, eta aste batzuetan ahots mistoen formatua berreskuratu zuten “Nordic Sounds” izeneko programa zoragarri bat interpretatzeko.



Saray Prados Bravo
Valladoliden jaioa, bere hirian burutu zituen bere lehen musika ikasketak, Kantu eta Biolineko arloetan Gradu Profesionalak lortuz. Musika Hezkuntzan diplomatu zen eta Historia eta Musikaren Zientzietan lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Aldi berean, pedagogia, abesbatza zuzendaritza eta gazteen kantu koralari aplikatutako ahots teknikan sakondu zuen.
Noa Frenkel, Marta Almajano, Javier Alonso, Consuelo Bravo, Susana Corbacho eta Claudia Rolandoren kantu eskolak jaso ditu, eta ahots teknikakoak Carlos Mena, Jone Martinez, Miren Urbieta, Linda Perillo edo David Azurzaren eskutik. Abesbatzen zuzendaritzaren esparruan, Johan Duijck, Marco García de Paz, Josep Vila, Gary Graden, Javier Fajardo, Esteban Urzelai, Elisenda Carrasco, Basilio Astúlez, Josu Elberdin, Josep Prats eta Junkal Guerrerorekin ikasi du. Horrez gain, Chanticleer, Ingenium Ensemble, Gothic Voices eta William Fred Scott-eko kideen eskutik abesbatzen interpretaziorako eskola magistralak jaso ditu.
Era berean, ikerketa musikologikoan hasi zen, Musika Hispanoko Master bat eginez, eta 2017an bere Doktoretza Tesia defendatu zuen kalifikazio gorena lortuz. Gaur egun, Valladolideko Unibertsitateko Musika Adierazpenaren Didaktika arloko irakaslea da. Jarduera horretan, B-Tenors taldearen zuzendaritzarekin, Valladolideko Unibertsitateko Koruaren zuzendariordetzarekin eta irakasleen ahots-higienearen alfabetizazioan, abesbatzaren eta musikaren esparruko talde-lanean eta musika-hezkuntzaren metodologia aktiboen txertaketan egiten du lan.


ERAGIYOK
2018an sortuta ahots grabeen abesbatza da. Bere sorkuntza orokorrean kultura musikala eta, zehatzago, euskal abesbatzen musika tradizioa zabaltzeko eta indartzeko ahaleginean oinarrituta dago, arreta berezia jarriz euskal musikagile nagusiek sortutako folkloreari eta eliz-musikari. Aldi berean, beste obra mota batzuk ere lantzen ditu, esaterako, nazioarteko folklorea eta errepertorio lirikoa (opera eta zarzuela).
1. saria lortu du bi lehiaketatan: Errenteriako 72. Gabon Abesti Sariketa Probintziala (2018) eta Bartzelonako 56. Festival Internacional de Cant Coral (2021).
Bere sorreratik laurogei emanaldi baino gehiago izan ditu, non ehun eta berrogeita hamar obra inguru gora abestu dituen.
Euskal musika nazioartera eraman du: Festival Cant’A Choeur (Akize, Frantzia, 2022), Rencontres Internationales de Voix d’Hommes (Châtel-Guyon, Frantzia, 2022), Encuentro de Voces Graves (Segovia, 2023), 26. Cantigos in Carrela (Santu Lussurgiu, Sardinia, 2024), Certamen Internacional de Habaneras y Polifonía (Torrevieja, 2024), XIII. Voces Amigas (Madril, 2025) eta XXXIX. Otoño Musical (Castro Urdiales, 2025). 2026an Polonian (Cracovia Cantans 2026) eta Frantzian (6èmes Rencontres Internationales de Choeur d'Hommes de Châtel-Guyon) arituko da.
Era berean, Euskal Herriko hainbat jaialditan parte hartu du, hala nola Antxon Sierra Oroituz (Donostia, 2020), Nazioarteko Otxoteen Jaialdia (Portugalete, 2020), Musikaste (Errenteria, 2021), Otxoteen jaialdia (Kanbo, 2021 eta 2022), Musika Hilabetea (Mutriku, 2022), Ahots-Musika Topaketak (Basauri, 2022), Pablo Sorozabalen Omenezko Zikloa (Donostia, 2022), 39. Eliz-Musika Zikloa (Hondarribia, 2023), XXVII. Aita Donostia Aste Musikala (Donostia, 2024), 46 Musikegunak (Oñati, 2024)...
Irungo Luis Mariano Lirika Elkartearen eskutik bost opera antzeztu ditu: Nabucco (2019), Rigoletto (2022), La fille du régiment (2022), Il Trovatore (2024) eta Macbeth (2025). 2026an Il Barbiere di Siviglia antzeztuko du.



