top of page

2024

Euskal Herria eta Sardinia
bat eginik

Cantigos-in-Carrela
ERAGIYOK - Populos et Cuncordos.jpg

12. Populos et Cuncordos - Chiesa Santa Maria degli Angeli - Santu Lussurgiu (Sardinia) - 2024/02/02, 18:30

ERAGIYOK & Cuncordu Luzzurzesu & Cuncordu di Castelsardo

26. Cantigos in Carrela - Santu Lussurgiu (Sardinia) - 2024/02/03, 16:00

ERAGIYOK & Tenore Monte Bardia & Cuncordu Lussurzesu & Coru Boni Ighinu & Coro di Florinas & Coro Renato Loria & Coro Gabriel & Lorenzo Mele & Matteo Scano & Francesco Fais & Gruppo Folk Ammentos Lussurzesos

Agur, Maria (Pascual Aldave) // Aita Gurea (Francisco Madina) // Kitolis (Luis Aramburu) // Ator, mutil (Jesus Guridi) // Aurtxoa seaskan (Gabriel Olaizola) // Agur zaharra (Sabin Salaberri) // Boga, boga (Jesus Guridi) // Kanta berri (Pablo Sorozabal) // Segalariak (Josu Elberdin) // Nere maitiarentzat (Jose Juan Santesteban)

ERAGIYOKek 2024 urteari nazioarteko emanaldi batekin eman zion hasiera. ‘Cantigos in Carrela’ jaialdiko antolatzaileen gonbidapena jaso zuen Euskal Herriko eta euskal kulturaren ordezkari moduan aritzeko. Jaialdia 1997an sortu zen kantu tradizional sardoan aritzen ziren uharteko taldeak bildu nahian. Horretaz gain, urtero nazioarteko talde bat hartzen du, tradizio koral eta kultural bereizgarria duen herrialde batetik etorritakoa. Era honetan, aurreko ekitaldietan Italiako, Franziako, Portugaleko, Catalunyako, Asturiasko, Bulgariako, Eskoziako, Georgiako eta Estatu Batuetako taldeak pasa dira bertatik, besteak beste. 

Populos et Cuncordos

Ostiral arratsaldean jaialdiaren lehenengo saioa izan zen, Populos et Cuncordos izenpean, nazioarteko taldea aurkezteko helburuarekin. Jendez beteta zegoen Santa Maria degli Angeli elizan abestu zuen ERAGIYOKek, eta errepertorio sakroa eta folklorea tartekatu zituen. Sardiniako kantu tradizional mota den cuncordu erako bi talde aritu ziren berarekin batera: Cuncordu Lussurzesu eta Cuncordu di Castelsardo.

Jaialdiaren hasierako agurra Giovanni Mura, AIDOS kultura elkartearen presidentea, eta Diego Loi, Santu Lussurgiuko alkatearen eskutik etorri zen. Biek ala biek indarrean jarri zuten Sardiniako kantuen tradizioa mantentzearen garrantzia, mendeetan zehar iraun duen usadioa. Horren ondoren, bi talde sardoen txanda izan zen, jatorri erlijiosoa eta profanoa zuten doinuak abestuz.

ERAGIYOK izan zen taularatzen azkena. Entzuleek arretaz jarraitu zituzten kantu bakoitzaren aurretik emandako azalpenak. Sardiniako eta Euskal Herriko ohituren antzekotasunak nabarmendu ziren; azken batean biek gorde dituzte beren aintzinako doinuak eta istorioak belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmitituz. Bestalde, XIX. mendearen amaieratik bi tradizioek izandako bilakera desberdina ere aipatu zen, desberdintasunak ere aipatu ziren.

Hizkuntza aldea ez zen arazo izan bertaratutakoek euskal doinu eta erritmoen aniztasunarekin gozatu ahal izateko: Agur, Maria eta Aita Gurearen moduko eliz-musikako lanak; zortzikoa eta ezpatadantza biltzen dituen Kitolis zirraragarria; eta gure Ator, mutil ikonikoa.

Antolatzaileei adiskidetasunaren eta anaitasunaren ikur moduan eskultura oroigarria bat eman eta gero, kontzertua Aurtxoa seaskan goxoarekin eta Agur zaharra solemnearekin amaitu zen.

ERAGIYOK - Cantigos in Carrela 2_edited.jpg
Cantigos in Carrela, tradizioaren indarra

Bigarren jardunaldiak bestelako izaera izan zuen, musika sardoko talde guztiak eta ERAGIYOK bildu baitzuen. Guztiek batera kontzertu ibiltaria osatuko zuten Santu Lussurgiuko hirigune historikoan barrena, irlan ondoen mantendu den Erdi Aroko multzo historikoetako bat. 

Merkatu Plazatik abiatuta, antolakuntzak hainbat agertoki prestatu zituen, eta bertatik pasa ziren abesbatzak eta herriko dantza taldea. Aldi berean, bizilagunek eta bisitariek ikuskizunarekin bat egin zuten, saio eta saio artean artistak inguratuz eta beraiekin interkatuatuz. Horrela izan zen gauera arte, musika aretoetatik atera eta kalera eta jendartera gerturatzea bilatzen zuen saioan, aintzinako moldean. Jai giroan eta anaiarteko giroan amaitu zen festa.

Valentin Larrearen omenez

Gabiria
ERAGIYOK Gabirian 01.jpg

Udaberriko Kulturaldia - Andre Maria Jasokundearen eliza - Gabiria - 2024/04/21, 12:15

Agur, Maria (P. Aldave) // Otoya (M. Moreno) // Eresiak (V. Larrea) // Villancico al Niño Jesús (V. Larrea) // Agur, Itziarko (Aita Donostia) // Nere etxea (Aita Donostia) // Euskal-Erria (J. J. Gainza) // Kitolis (L. Aramburu) // Bigarren kalez kale (P. Sorozabal) // Euskalerria (P. Sorozabal) // Maite, eguzki eder (P. Sorozabal) // CHANTON PIPERRI: Euskalerriko semeak gera (B. Zapirain) // Nere maitiarentzat (J. J. Santesteban) // Boga, boga (J. Guridi) // Aurtxoa seaskan (G. Olaizola)

Gabiriako Udalaren kultura egitarauaren barruan ERAGIYOKek euskal musikako emanaldia eskaini zuen, eta bertan Valentin Larrea herriko semearen musika izan zen saioaren protagonista nagusietako bat. 


Gabirian jaioa, musikagile eta pianista emankorra izan zen: pianorako, organorako, harizko taldeetarako, abesbatzarako… piezak idatzi zituen. 2019an Larrearen familiak bere obra agerian jartzeko proiektua hasi zuen. 2023. urtearen amaieratik abesbatzarako ondarea berreskuratzeari ekin zion ERAGIYOKek 2026. urtean ospatuko den Larrearen jaiotzaren 150. urteurrena ikusmiran egonda. 


Larrearen bi lan eman zituen abesbatzak. Lehena, urte amaierako Gabonetako kontzertuetan estreinatu zen Villancico al Niño Jesús


Oraingoan, aldiz, 1900eko Euskal Jaietan saritutako obra bat, Eresiak, izan zen Gabirian lehen aldiz entzun zena denbora luzez ahaztuta egon eta gero. Lan konplexua eta luzea, lehiaketarako espresuki prestatutakoa, izan zen ERAGIYOKek interpretatu zuena: tempo aldaketak, dinamika kontrasteak, aho itxiko pasarteak, bakarlariarentzako lana… horiek guztiek osatzen dute Emeterio Arreseren izen bereko olerkian oinarritutako pieza. Kontzertura bertaratutakoen erantzuna ikusita, tartean Larrearen beraren senideena, obra bera zein koruak egindako lanak txalo zaparrada handia merezi izan zuen.

Gure musika, gure musikagileak

Testuinguru honetan, euskal musikako kontzertua eman zuen koruak. Bertan gogora ekarri zuen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, euskal abesbatzak sortu zirenean, gure konpositoreek egindako lana doinu zaharrak, kantutegietan bildutakoak eta abar harmonizatzeko eta moldatzeko. 


Nabarmentzekoa izan zen eliz-musikako atalean lehen aldiz emandako Agur, Itziarko, non otoitzaren ahapaldiak emateko abesbatza osoa eta laukote bat tartekatu ziren.

 

Horrekin batera, ERAGIYOKen errepertorioan ohikoak diren Nere etxea edo Kitolis-en modukoek, hainbat bakarlariren parte hartzearekin, entzuleen arreta bereganatu zuten.
Beste askotan bezala Pablo Sorozabalen musikak ere toki berezia izan zuen egitarauan, Miren Gabirondoren languntzaz eskusoinuz Bigarren kalez kale kalejiran eta pianoz Euskalerria eta Maite, eguzki eder zortzikoetan. Eta noski, horrelako gaia zuen kontzertu batean, ez zegoen bukaerako kantu aproposagorik Chanton Piperri operaren Euskalerriko semeak gera baino.


Gabiriako Udala ordezkatzen zuen alkateari oroigarria eman eta gero, bisekoen txandak entzuleak eserlekutik altxarazi zituen hiru klasiko handirekin: kartsuki abestutako Nere maitiarentzat, Boga, boga indartsua eta beste behin ere emozioz betetako Aurtxoa seaskan eztia. 


Amaiera borobila oroitzapen ederrak utzi dituen kontzertu batean.

Hots Abesbatzak inauguratu zuen AHOBER-reko 2. ekitaldia

Hots
AHOBER Hots 01.jpeg

II. AHOBER ahots berdinen abesbatza zikloa - Erribera kulturgunea - Astigarraga - 2024/04/27, 19:00

Il est bel et bon (Arr.: J. Leavitt) // Cantate domino (H. L. Hassler) // Tota pulchra est (Maurice Duruflé) // Psalm 23    (F. Schubert) // Laudate pueri    (F. Mendelssohn) // Ave Regina caelorum (J. Jensen) // Revelation (Z. Randall Stroope) // O Sapientia (T. Vulc) // Goizian argi hastian (Arr..: Melody-Ky) //Errota (J. Guerrero) // Elementuen kantuak (E. Ugalde): I. SUA; II. AIREA // Itxasoa ari zat (I. Azurmendi) // Gaueko andreak    (J. Guerrero) // Bi bihotz (J. Guerrero)

Zuzendaria: Aitor Bian Bidarte || Pianista: Amaia Zipitria Zugasti

Erribera kulturgunean bildutako zaletuek oñatiarren emanaldi ederraz gozatu ahal izan zuten. 30 emakume taularatu zituen taldeak, guztiak ere Aitor Biainen zuzendaritzapean eta Amaia Zipitriaren piano laguntzaz, garai eta estilo desberdinetako eliz-musika eta euskal musika aurkeztu zituen.


Horrela kontzertuaren lehenengo zatian XVI. mendeko doinuekin hasi eta Schubert-en eta Mendelssohn-en Erromantizismoko piezak edo Duruflé-ren musika inpresionistatik pasata, musika garaikideraino Joni Jensen eta Tadeja Vulc emakume musikagileen piezekin.


Programa osoan zehar euskal emakume musikagileen lana agerian utzi nahi izan zuen Hots Abesbatzak, eta euskal doinuen txandara iritsita, Junkal Guerrero, Eva Ugalde eta Idoia Azurmendiren lanak ere eman zituzten kontzertua borobiltzeko.


Egitarau ofiziala bukatu ondoren Zikloaren antolatzaile den ERAGIYOKek emandako oroigarria jaso eta gero, bis baterako txanda ere egon zen Bi bihotz, emakume baten haurdunaldi osoa deskribatzen duen abesti sentikorrarekin.


Horrela amaiera borobila eman zitzaion AHOBER-reko bigarren ekitaldiaren hasierako kontzertuari. 

Il Trovator! Io fremo!

Trovatore
441465888_18266925124228706_5721980440113586481_n.jpg

Luis Mariano Lirika Elkartearen 2024 denboraldia - Amaia K. Z. (Irun) - 2024/05/11, 19:00

IL TROVATORE (drama in quattro parti) - Musika: Giuseppe Verdi - Libretto: Salvatore Cammarano

Manrico: JAVIER TOMÉ // Leonora: MARÍA RUIZ // Azucena: MARÍA LUISA CORBACHO // Conte di Luna: MANUEL MAS // Ferrando: ANDREA TABILI // Ruiz: IKER CASARES // Inés: KLARA MENDIZABAL // ERAGIYOK Abesbatza // Luis Mariano Korua eta Orkestra // Eszena-zuzendaria: Ana Ramos // Eszenografia, argiteria eta bideoeszena: Alejandro Contreras // Musika-zuzendaria: Aldo Salvagno

ERAGIYOK laugarrenez agertu zen Irungo Amaia kultur zentroko oholtza gainean Luis Mariano Lirika Elkarteak antolatutako 21. denboraldiaren barruan, oraingoan Giuseppe Verdiren Il Trovatore opera ezagunean aritzeko. 


2022an Rigoletto-n gertatu zen antzera, Producciones Telón-ek ekarritako eszenografia sinplea baina aldi berean funtzionala izan zen. Etzandako gurutz handi bat atzean, eta agertokia bi altuera desberdinetan banantzen zuen plataforma batekin, operaren zortzi agerraldietako une desberdinak elementu osagarri gutxi batzurekin eta oso efektista suertatu ziren hainbat proiekziorekin girotzea lortu zen.

Bost protagonista nagusiko opera

Beste behin ere agerian geratu zen zergatik den hain zaila Il Trovatore antzeztea, neurri handi batean protagonista diren bost bakarlari biltzen dituelako.


Leonoraren papera hartu zuen María Ruiz sopranoak. Bakarka abestutako bere bi pasarte nagusietan, Tacea la notte placida eta D’amor sull’ali rosee,  ahots ederra erakutsi zuen. Beste protagonistekin batera izandako uneetan, berriz, sinesgarri izan zen bere sentimenduak adierazten: maitasuna, tristura, izua… 


Javier Tomék ez zuen lan erreza Manricoren rolak eskatzen dituen ikuspegi guztiak erakusten: maitale kartsua, seme samindua eta gerlari ausarta. Bere pasarterik ezagunenak, Ah si ben mio aria eta Di quella pira cabaletta osatzen dutena, entzuleen esker ona jaso zuen.


María Luisa Corbachok bere urteetako esperientzia guztia jarri zuen Azucena ijitoaren azalean sartzeko. Bere istorioa eta bere amarena kontatzen zituenean tonu goibel eta patetikoa eman zion, eta Conte di Lunak eta bere jarraitzaileek atxilotzen dutenean, indar lazgarria erakutsi zuen.


Conte di Luna gaiztoa Manuel Masen ahotsean entzun genuen. Bere kantuan Leonorak Manricorenganako zuen maitasunarekiko jelosia, eta Azucena ijitoarekiko eta bere amarekiko mendeku nahia erakusteko gai izan zen. Bere pasarte nagusia, Il balen del suo sorriso aria, txalo zaparrada handi batekin hartu zuten entzuleek.


Azkenik, Ferrandoren lanak egiten zituen Andrea Tabilik nahikotasunez aurre egin zion bere hasierako eszena luzeari, ERAGIYOKek ederki babestua, kontatzen ari zen istorio beldurgarriari erantzuten ziona.

Il Trovatore ERAGIYOK 00.jpg
Korua, protagonista

Opera honetan gizonezkoen korua elementu nagusietako bat da. ERAGIYOK Ferrandoren eta Conte di Lunaren jarraitzaileen rolean aritu zen oraingoan, eta bere agerraldiak soinu biribila erakusteko baliatu zituen, Aldo Salvagno maisuaren batuta argiak ederki gidatuta.


Ferrandoren hasierako eszenan ez ezik, hirugarren ekitaldiaren lehen eszenan ere nabarmendu zen. Or co 'dadi... Squilli, echeggi la tromba guerriera ozen entzun zen, eta amaieran Azucena, Leonora, Conte di Luna eta Ferrandorekin duen baterako unean eszenikoki eta musikalki harrapaketan murgildu zen, bere kantuan sutara kondenatuko duten zingararekiko mespretxua erakutsiz. Eszena honek gaueko txalo sortarik handienetako bat atera zion publikoari.


Laugarren ekitaldian iritsi zen klimaxa, non a capella zegoen koruak Miserere maisuki abestu zuen. Lau plano uztartzen eta tartekatzen dira bertan: Manricoren heriotza iragartzen duen kanpaiaren deia, trobadorearen arimaren alde otoitz egiten duten monjeak (ERAGIYOK), Leonoraren erregua eta kantu desesperatua maitasunagatik sakrifikatzeko prest, eta Manricoren agurra heriotzaren atarian. Eszena, oro har, bikaina izan zen, eta oilo-ipurdia jarri zizkion publikoari.


Luis Mariano Abesbatzaren agerraldia ere ikusleen gustukoa izan zen, Vedi! Le fosche notturne spoglie ijitoen koru ezagunean, bigarren ekitaldiaren amaieran dagoen lekaimeen koruan eta baita  Manricori Di quella pira abesten laguntzen diotenean ere.

Publikoa alde

2022an La fille du regiment-en bezala, Amaia kultur zentroa leporaino bete zen eta txardeldegian sarrerak agortu ziren. Ikusleek txalo zaparrada handi batekin saritu zituzten gaueko parte hartzaile guztiak, ustekabeko efektu bereziak izan zituen emanaldi baten arrakastaren erakusle, kanpotik zetorren ekaitz bortitzaren hotsek antzezpenaren errealismoa areagotu baitzuten.

Aita Donostia Aste Musikala

Aita Donostia
ERAGIYOK Aita Donostia 01_edited.jpg

Aita Donostia Aste Musikala - Kaputxinoen eliza - Donostia - 2024/06/14, 19:30

Agur, Maria (P. Aldave) // Otche nash (N. Kedrov) // Ave, verum corpus (V. Goicoechea) // Aita Gurea (F. Madina) // Otoya (M. Moreno) // Ara nun diran (J. M. Glez. Bastida) // Euskal-Erria (J. J. Gainza) // Kitolis (L. Aramburu) // Agur, Itziarko (Aita Donostia) // Nere etxea (Aita Donostia) // Xarmegarria zira (Aita Donostia) // Ama (Aita Donostia) // Jeiki, jeiki, etchenkuak (Aita Donostia) // Illunabarra (R. Sarriegi) // Boga, boga (J. Guridi) // Segalariak (J. Elberdin) // Torrevieja (R. Lafuente) // Goizeko izarra (J. J. Santesteban)

1998 sortu zen jaialdi hau Aita Donostia Abesbatzak eta Gaztedi elkarteak hauspotuta, eta urte hauetan guztietan bertatik pasa dira Euskal Herriko eta Euskal Herritiko kanpoko talde handiak. 27. ekitaldiaren bigarren kontzertuan aritzea egokitu zitzaion ERAGIYOKi eta programa erakargarria prestatu zuen Donostiako hitzordurako, euskal errepertorioko klasiko asko eta taldearentzat berriak ziren hainbat obra biltzen zituena.

 

Aita Donostiaren omenez

Koruak zikloari izena ematen dion Aita Donostiari tarte berezia eskaini nahi izan zion. Musikologo, musikagile, folklorista eta idazle izan zen donostiarrak lan itzela egin zuen XX. mendearen lehen erdian herriz herri eta etxez etxe doinuak biltzen, eta horietako asko hainbat modutan moldatu zuen, abesbatzarako besteak beste.

Honela, dagoeneko taldearen errepertorioa zeuden Agur, Itziarko, Nere etxea eta Ama-rekin batera, lehen aldiz entzun ziren ERAGIYOKen ahotsean Xarmegarria zira eta Jeiki, jeiki, etchenkuak.

Nabarmentzekoa izan zen bost kantuen artean abesbatzak zortzi bakarlari desberdin aukeztu zituela banaka, duoak, hirukoteak eta laukoteak osatuz, doinu eder hauen moldaketak are bereziago egin zituztenak.

 

Eliz-musika, euskal klasikoak eta Torreviejara begira

Bestelakoan, kontzertua eliz-musikako eta euskal folkloreko piezekin osatu zen. Musika sakroaren atalean Goicoechearen Ave, verum corpus azpimarragarria izan zen, oraingoan a capella bertsioan. Halaxe izan zen ere Madinaren Aita Gurea ezaguna, emanaldiaren  lehenengo zatia puntu gorenera eraman zuena.

 

Euskal folklorearen atalean, berriz, ERAGIYOKek XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran euskal abesbatza handiak sortu zirenenean errepertorioari gehitu zioten kantuak interpretatu zituen, guztiak ere oso ezagunak eta publikoaren gustukoak, hala nola Illunabarra edo Boga, boga. Nazioarteko dozenaka abesbatzek abestu duten Josu Elberdinen Segalariak-ek eman zion amaiera egitarau ofizialari, ikusle ugarien txalo zaparradaren artean.

 

Egitarau ofiziala amaituta eta oroigarrien trukaketa eta gero, beste berritasun baterako tartea egon zen bisekoen atalean, ERAGIYOKek lehen aldiz  Ricardo Lafuenteren Torrevieja habanera abestu baitzuen. Izan ere, hauxe izango da Torreviajako Habanera eta Polifoniako Nazioarteko Jaialdi ospetsuan abestuko duen kantuetako bat uztaila amaieran, eta abesbatzak Donostiako kontzertua baliatu zuten laborategi gisa.

 

Honen ondoren, eta hasieran zabaldutako bidea ixteko, Goizeko izarra klasikoa eman zuen, jendeak zutik eta txaloka hartu zuena arrats bikaina amaitzeko.

Eragiyok en Teatro Victoria Eugenia

Egin zaitez ERAGIYOKen lagun!

Zure laguntzari esker gure musika eta kultura sustatzen eta zabaltzen jarraituko dugu, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, gure aurrekoek utzitako altxor hori mantentzeko.

 

Gozatu gurekin musikaz!

bottom of page